Irakurriena
- 1. LANA eta ETORKI kooperatibek bat egin dute
- 2. Erreka Medicalek Microliquid integratu du osasun arloan aurrera egiteko
- 3. Jesús Latak jaso du 2026ko asmatzaile onenaren Galbahe Saria
- 4. Laboral Kutxa, Estatuko bost banku onenen artean
- 5. MONDRAGONek Remolonasen inbertitu du
- 6. Maria Jose Rodriguezek Lagun Aro Aseguruen zuzendaritza nagusiaren ardura hartu du
Eroskik protokolo bat aktibatu du bere dendak genero-indarkeriaren eta LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoen Babesleku izan daitezen
Eroskik abian jarri du protokolo bat, beren dendak babesgune izan daitetzen. Helburua da harrera eta lagun egiteko espazio bat eskaintzea genero indarkeriaren arloko eta LGTBI+ kolektiboarenganako erasoak izanez gero. Euskal Herrian, Errioxan eta Kantabrian ezarriko da ekimen hori, bai hipermerkatuetan, bai supermerkatuetan, bai plataforma logistikoetan eta bai bulego nagusietan.
Protokolo horren bitartez, Eroskiren dendak konfiantzazko espazio bihurtuko dira. Espaziootan, arriskuan sentitzen den edonork gune seguru bat aurkituko du, arreta hurbila eta laguntza jasoko ditu, betiere beste baliabide edo zerbitzu batzuetara jotzeko izan dezakeen borondatea errespetatuta.
Protokoloak zehatz-mehatz jasotzen du langileen jardunbidea: lasaitasuna, belarri enpatikoa, pertsonaren erabakienganako errespetua eta segurtasunaren lehentasun absolutua, bai biktimarenganako eta bai zentroko langileenganako. Dendek inola ere ez dituzte ordezkatuko larrialdi zerbitzuak edo segurtasun indarrak, baizik eta babeserako eta laguntzarako aurreneko espazio bat izango dira.
Honela dio Marta Carazok, Eroskiren Kudeaketa Sozialeko arduradunak: "Eroskiren dendak milaka lagunen eguneroko bizimoduaren parte dira; presente daude auzo eta herrietan. Dendak babesgune bihurtuta, era koherentean helduko diogu erantzukizun sozialaren gaiari, eta hurbiltasuna, belarria eta laguntza eskainiko dizkiegu une zaurgarri jakinetan beharrean egon daitezkeenei, betiere errespetuz jokatuta eta haien autonomia inbaditu gabe".
Eroskik konpromiso historikoa izan du berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta pertsonenganako errespetuarekin, eta, hala, sendotu egingo du kontsumo kooperatiba gisa lurraldeetako errealitate sozialetik hurbil egoteko duen zeregina.