LANA eta ETORKI kooperatibek bat egin dute

MONDRAGONeko kooperatiba LANA eta ETORKIk bat egiteko erabakia hartu dute, bi erakundeetako batzar nagusietan bateratze-proposamena onartu ondoren. Erabaki estrategiko horrek indarrak batzeko eta etorkizuneko erronkei modu sendoagoan aurre egiteko helburua du, bi kooperatiben ibilbidea eta esperientzia uztartuz.
Card image cap
Batzar Nagusiaren irudia.
2026/04/27

Etorkizunari anbizioz begiratzen diote, eta horren adierazgarri da maiatzaren 11n Murgan inauguratuko duten lantoki berria. Azpiegitura berriak hazkunde-aukera anitzak ekarriko ditu, berrikuntzan eta eraginkortasunean aurrera egiteko bideak zabalduz. Era berean, eskualdeko garapen ekonomikoan ere ekarpen esanguratsua egitea aurreikusten da.

0M6A5768.jpg

Hazkunde estrategikoa eta lehentasunak

Kepa Bastidak, LANA Kooperatiba Elkarteko zuzendari nagusiak, azaldu du bat-egiteak jauzi handia dakarrela: “Orain arte genuen egur produkzio gaitasuna bikoizten dugu, gure produktuen kalitatea hobetuz, eta horrela balio erantsi handiagoa duten produktuak ekoitziko ditugu, bezero eta merkatu berrietan sartzeko”.

Era berean, nabarmendu du etapa berri honetako lehentasunak zeintzuk diren: “Instalazio berriak %100ean martxan jartzea eta batu garen bi kooperatibetako kolektiboak kooperatiba bakar bezala funtzionatzea”.

Merkatuan kokapen berria

Ekoizpenari dagokionez, urtean 300.000 m³ egur zerratu eta 60.000 m³ lehortzeko gaitasuna izango dute. Bastidaren hitzetan, helburua argia da: “Europako hegoaldeko zerrategi handiena eta efizienteena izan nahi dugu”.

Gainera, azpimarratu du gaitasun berriek aukera berriak zabalduko dituztela:“Kooperatiba indartsuagoa izango da, eta horrek orain arte lortu ezin izan ditugun bezero eta merkatu askotara iristeko aukera emango digu”.

“Europako hegoaldeko zerrategi handiena eta efizienteena izan nahi dugu”.

Hornidura eta kalitatea bermatuta

Hornidura bermatzeari dagokionez, kooperatibak kontrol zuzena du lehengaiaren jatorrian: “Guk mendiak erosten ditugu eta ustiapenerako gure talde propioak ditugu; horri esker egurraren hornidura bermatu dezakegu eta behar dugun kalitateko materiala aukeratu”.

ETORKI_10-1024x576.jpg
Etorkiren gaur egungo lantegi eta biltegia Murgan (Araban)

Jasangarritasuna eta tokiko apustua

Egurra baliabide jasangarri gisa gero eta garrantzitsuagoa dela nabarmenduta, Bastidak tokiko basoen aldeko apustua defendatu du: “Denok daukagu egurrarekin egindako produkturen bat; zentzuzkoa al da produktu hauek urrutiko basoetan ateratako egurrarekin ekoiztea?”. Haren ustez, bertako lehengaien alde egitea funtsezkoa da, beste sektore batzuetan egiten den moduan.

Interkooperazioa, arrakastaren giltza

Azkenik, interkooperazioaren balioa azpimarratu du: “2020 bukaeran hasi ginen lehen bilerak egiten, eta elkarlan horren ondorioz gaur egungo proiektua eraiki dugu”. Gaineratu duenez, “fusio honek gure bi negozioak indartzen ditu eta etorkizunerako prestatzen gaitu”, eta aurreratu du jada “300 langiletik gora eta 150 milioi euroko fakturazioa izango duen kooperatiba baten oinarriak” sendotzen ari direla. “Eta hau hasiera besterik ez da”, ondorioztatu du.

0M6A5822.jpg

Nahiz eta integrazio-akordioak etorkizunerako urrats estrategikoa ekarri, bi kooperatibek dituzte urteetan zehar errotutako ibilbide propio eta sendoak. Batasun honen irismena ulertzeko, komeni da LANA eta ETORKIren jatorria eta bilakaera ezagutzea.

LANA: sei hamarkada baino gehiagoko bilakaera egurraren industrian

1960an Oñatin sortua, LANA S. Coop., MONDRAGONeko kooperatiba, hasieran basogintza, abeltzaintza eta esne-jarduerekin lotutako kooperatiba gisa abiatu zen. Denboraren poderioz, enpresak eboluzionatu egin zuen eta egurraren eraldaketan espezializatu zen; 1990eko hamarkadan jauzi erabakigarria eman zuen balio erantsi handiagoko produktuen fabrikazioan zentratuz, hala nola enkofraturako hiru geruzako taulak ekoizten.

Berrikuntzaren, hobekuntza teknologikoaren eta nazioartekotzearen aldeko etengabeko apustuari esker, LANAk bere presentzia Euskaditik harago zabaldu du, sektoreko erreferente gisa sendotuz eta dozenaka herrialdetara esportatuz. Bere ibilbideak kooperatiba-tradizioa, merkatura egokitzeko gaitasuna eta jasangarritasunarekiko konpromisoa uztartzen ditu.

Etorki: egurrean oinarritutako soluzioak etorkizun jasangarrirako

1984an sortua eta egoitza Murgan (Araba) duena, Etorki MONDRAGONeko kooperatiba bat da, pinu zuraren zerraketan eta eraldaketan espezializatua. Hasieratik, jarduera baso-kudeaketa jasangarrian oinarritu du, mendi-eremuko egurraren erosketa eta zerraketa zein lehortze prozesuak uztartuz.

Bere ibilbidean, balio-kate osoa modu integratuan garatu du, baso-jatorritik azken produktuaren eraldaketaraino, eta hornidura bermatzeko baso-ustiapen propioa ere badu.

Esperientziari eta ekoizpen-gaitasunari esker, Etorki egurraren sektoreko erreferente bilakatu da, erabilera industrial desberdinetarako irtenbideak eskaintzea eta baso-baliabideen kudeaketa jasangarriarekin konpromiso sendoa mantentzea helburu izanik.

Eraikuntza sektorerako irtenbide berritzaileak

Zurgintza